Testuari dagokionez, Larringanek honela definitzen du:
Testua ez da unitate linguistikoa, komunikazio-forma baino. Autonomia komunikatiboa duen
unitate txikiena da. Hiru irizpideren arabera definitzen ahal da: a) tamaina gora-behera, testuak
biltzen dituen hizkuntza osagaiei nolabaiteko forma errepara dakieke b) testuak, beti ere, mezu
bat bideratzen du c) testuak komunikazio kontuekin du zerikusia (Larringan, 2009: 515).
Hortaz, testua komunikazio ekintza den heinean, igorleak hartzailearengan modu
bateko nahiz besteko eragin bat sorraraztea izango du xede. Gure eguneroko praktika
errealak, ahozkoak nahiz idatzizkoak izan, testuz josiak daudela esan genezake,
lagunarteko eztabaidetatik hasi eta autobus geltokiko iragarkietaraino.
Baina praktika errealen heterogeneotasuna kontuan hartuz posible ote da testuen
sailkapenik egitea?
Larringanek (2009) posible dela dio, testuak testu-generotan banatzen direla.
Hala ere, testu-generoen sailkapenak ez du adostasunik adituen artean. Hona hemen
ustezko sailkatze arazoen iturria:
[…] genero bat definitzerako orduan irizpide anitz erabil daitezke (helburua, edukia, eta abar
kontuan hartuta), lortu nahi den eragin komunikatiboaren arabera genero desberdinak izango
ditugu (epikoa, poetikoak, lirikoak…) erabiliko diren euskarrien izaeraren arabera ere sailka
daitezke testu-generoak (eleberria, ipuina, artikulua, erreportajea…), eta eduki tematikoaren
arabera ere egin daiteke sailkapena (Larringan, 2009: 519).
Multzokatze ahaleginetan testu-generoen aniztasunari honakoa gehitu behar
zaio: nahiz eta genero berdineko testuak izan, eta nahiz eta diskurtso mota berdinez
osatutako testuak izan, testu bakoitzak ezaugarri indibidualak izango ditu. Hori dugu
testua antzemateko modu bat, testu enpirikoa.
Ildo bertsutik, hots, testu-generoen sailkapenari helduz, Dolz & Schneuwlyk (1997) komunikazio eremu sozialen, alderdi tipologikoen eta hizkuntza-gaitasunen araberako sailkapena proposatzen dute. Honela, bost komunikazio eremu sozialen arabera banatzen dituzte testu-generoak: narrazioa, kontaketa, argudiaketa, azalpena eta ekintzen deskribapena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario